Hasiera / Berriak / EIKA INDARREZ HAZI DA ETA BITROZERAMIKEN MERKATUAREN IA % 40 BEREGANATU DU

Berriak

EIKA INDARREZ HAZI DA ETA BITROZERAMIKEN MERKATUAREN IA % 40 BEREGANATU DU

2017-07-31

General Electric, Bosh Siemens, Whirpool, Electrolux eta Miele enpresak Eikaz fidatzen dira, egosketa elektrikorako eta labe, gaineko sukalde eta bestelako sukaldeetan beroa erregulatzeko osagaiak egiten dituenaz.

Etxetresna elektrikoen fabrikatzaile guztiek aintzatesten dute Eika, batez ere gaineko sukalde bitrozeramikoetarako foku erradiatzaileetan. 1995etik 150 milioitik gora ale saldu ditu eta mundu zabaleko merkatuan ia % 40ko kuota lortu.
Europan eta AEBn saltzen du batez ere, munduko eskariaren eta bere salmenten % 90 leku horietan gauzatzen baitira. Datu nabarmengarri bat: azken hiru urteotan gora egin du, nabarmen, merkatu amerikarrean, % 26tik % 34ra alegia. «AEBn, bitrozeramikarako foku erradiatzailea da produktu nagusia, hazkunde handiak izan ditu eta; indukzioko sukalderik, berriz, ez dago ia. Herrialde horretatik eta Europatik kanpo, ohikoagoa da sugarra erabiltzea kuzinatzeko, nahiz eta, garatzeko bidean dauden herrialdeek aurrera egin ahala, elektrizitateranzko joera argia nabaritzen den, segurtasunaren eta ingurumenaren alorretan dituen abantailengatik», azaldu dute Eikatik.


Gaur egun, Etxebarrin (Bizkaian), Polonian, Txekiar Errepublikan eta Mexikon ditu Eikak bere lantegiak. Mexikokotik Iparramerikako merkatu osoa hornitzen du, eta beste hiruetatik Europakoa. Azpimarratzekoa da, halaber, gainerako merkatuetan (Asiakoan, adibidez) Eika oso lehiakorra dela, Euskaditik bertatik fabrikatuz. Horren harira hauxe esan dute: «Argi dugu: hurbil egon behar dugu bezeroengandik, haien ekoizpen-zentroetatik; alabaina, hornikuntzarako kokapenik aproposena aukeratu behar dugu beti, ahaztu gabe jatorrizko lantegian lana eta balio ekonomikoa sortzea dela gure helburu nagusia». Enpresak ez du ezarpen berririk aurreikusten; dena den, «arretaz jarraitzen ditu merkatuan gertatzen diren mugimenduak eta ez du baztertzen etorkizunean kontua aztertzea».

Orain urte batzuk ematen bazuen ere indukzioak teknologia erradiatzailea ordezkatuko zuela, ez da halakorik gertatu, eta enpresak hazteko aurreikuspenak ditu epe ertainera, batez ere merkatu amerikarraren eta garatzeko bidean dauden merkatuen bultzadari esker. Halere, mehatxu horren ondorioz, berrikuntzan inbertitu du Eikak, egungo produktuen prestazioak, efizientzia eta kostua hobetzearren. Ondorioz, esan dutenez, «efizientzia-saiakeretan, indukzioaren parekoak gara esateko, eta egosketa-proba errealetan ez dago inolako alderik».

Urtean bost milioitik gorako inbertsioa egin duelarik azken bosturtekoan, automatizaziora, eskariari erantzuteko gaitasuna handitzera eta lean manufacturingera bideratu ditu kopururik handienak.

Epe ertainerako erronken artean ditu, Europako eskualde-negozioak globalizatzea, batez ere AEBn; osagaietatik harago, sisteman, kontrolean eta berokuntzan sakontzea, gaineko sukaldeetan eta labeetan; itunak lantzea, batez ere sektoreko beste kooperatiba batzuekin, hala nola Coprecirekin eta Embegarekin, erantzun globalak emateko eta indartsuagoak izateko; eta pertsonen eta horien garapenaren alde apustu egitea.
Eikarentzat, sekulako urtea izan zen 2016a, markak hautsi baitzituen bai salmentetan bai emaitzetan. Gainera, 2020ra bitarteko proiektuak ditu abian, eta, horiekin, datozen hiru urteotan hazkunde-erritmoari eusteko asmoa du. «Zehazki, 2017rako aurreikuspenak oso onak dira, baina lehen hiruhilekoan benetan lortutakoak gainditu ere egin ditu, % 20 inguruko hazkundea lortu dugu eta», esan dute.

Eika da General Electric (GE) enpresaren bitrozeramiketarako foku erradiatzaileen hornitzaile nagusia, gaur egun hornikuntza osoaren % 100 baitago bere esku. Konpainiatik azaldu digutenez, puntu horretara iristeko, «urte askoan gertutasun-harremana landu behar izan dugu bezeroarekin, eta, horrela, enpresaren beraren eta hura osatzen duten pertsonen beharrak ulertu ahal izan ditugu». Eta aurten, ahalegin hori aintzatesteko, bikaintasunari emandako saria jaso du Eikak multinazional amerikarraren eskutik. Horren harira Eikakoek azpimarratu dutenez, GE «ez da besterik gabe bezero bat, merkatu amerikarreko liderra da. Saria ezusteko handia izan da, umilak izateko ohitura dugu eta; baina, atzera begira ikusten da, egindako guztiari esker ohore hori merezi izan dugula, General Electricen iritzian. Bikaintasuna lortzeko egiten dugu lan», ziurtatu dute.

Estrategia Empresarial uztailaren 31tik 16ra