Hasiera / Berriak / AURRENAK KOOPERATIBA SOZIETATEAK ETORKIZUN OPAROA SUMATZEN DU MEXIKON, BESTE LANTEGI BATI ESKER

Berriak

AURRENAK KOOPERATIBA SOZIETATEAK ETORKIZUN OPAROA SUMATZEN DU MEXIKON, BESTE LANTEGI BATI ESKER

2018-01-05

“Hazten jarraitu” goiburuaren pean, Aurrenak Mexikora iritsi zen 2011n, NAFTA guneko bere bezero nagusiei moldeen mantentze-lanetako, ingeniaritzako eta muntaketako zerbitzuak emateko, Gasteizko egoitza nagusiarekin koordinatuta.

Herrialde azteka kooperatibaren merkatu nagusietako bat denez, hura aukeratu zuen bere nazioartekotze-planean; izan ere, Mexikon, burdinurtuko piezen produkzioa oso handia da, eta, Aurrenak Service-ko Martin Guridi zuzendari gerenteak azaldu duenez, kooperatibak galdaketa-enpresa nagusiei ematen die zerbitzua; besteak beste, Nemak, Teksid, Tupy, Honda eta Nissan Mexicana enpresei.

Aurrenakek 3.500 metro karratuko lantegi bat ireki zuen Saltillon, Cohauila estatuko hiriburuan. Hasieran, 25 langilerekin ekin zion bere jarduerari; bezeroen moldeetan mantentze-lanak egin zituen, burdinaren, behe-presioko aluminioaren eta grabitate-aluminioaren teknologietan. Hala ere, hazi ahala, kooperatibak pixkanaka inbertitzea erabaki zuen, eta konplexutasun handiagoko lanak egiteko —besteak beste, injekzio-moldeekin ere lan egiteko— makina eta ekipo egokiak erosi. Hori dela eta, 45 profesional aritzen dira lantegi horretan gaur egun, eta gehienak Aurrenaken Arabako egoitzan trebatu dira.

Etengabeko hobekuntzaren aldeko apustua egin du Aurrenakek Mexikon, eta, horri esker, lan-karga handiagoaz arduratu daiteke. Horren ondorioz, gaur egungo produkzio-eremua txikiegia da, bereziki molde astunak mugitu behar direnean.
Aurrenak Serviceko zuzendari Martin Guridik azaldu duenez, datorren ekitaldian, azalera handiagoko nabe batean kokatuko dute jarduera, industrialde berean. Garabi handiagoak izango ditu nabe horrek, bezeroei zerbitzu hobea eman ahal izateko, batik bat aluminiozko injekzio-molde handien arloan. Aurrenakek espero du kokapen berriari esker eskaera-zorroak handitzen jarraitzea, Mexikon etorkizun oparoa duela sumatzen baitu.

Etorkizunera begira, Aurrenakek espero du AD Service bere hazkunderako funtsezko oinarria izatea. 2020rako plan estrategiko berrian ezarritakoaren arabera, konpainiak Arabako jatorrizko etxearen eta Mexikoko lantegiaren eraginkortasuna handituko du, 2024an —hain zuzen, kooperatibaren 50. urteurrenean— 50 milioi euroko fakturazio bateratua lortze aldera.

Empresa XXI-abenduaren 15a