Hasiera / Berriak / FAGOR AUTOMATION S. COOP. SOZIETATEAK SALMENTETAN ERREKORRA GAINDITU DU ITALIAKO APUSTUARI ESKER

Berriak

FAGOR AUTOMATION S. COOP. SOZIETATEAK SALMENTETAN ERREKORRA GAINDITU DU ITALIAKO APUSTUARI ESKER

2018-10-02

Fagor Automotion kooperatibak 1990ean Italian kokatzeko hartutako erabakia ez zen ausazkoa izan, hazten jarraitzeko maniobra estrategikoa baizik. Izan ere, Gipuzkoako konpainiarentzat «funtsezkoa zen Europako makina-erremintaren bigarren merkatu batean presentzia izatea», Iñaki Sánchez CNC Negozioko zuzendariak adierazi duenez.
Beste arrazoi bat «han ekoitzitako makinen izaera berritzailea eta teknologia aurreratua da, Fagor Automationen kontrol- eta atzitze-sistemez hornituta baitaude», gehitu du.

Sánchezen hitzetan, Milango egoitza nagusitik hasiera-hasieratik oso posizionamendu ona lortu zuten torneaketa-aplikazioetarako bistaratzaile eta kontroletan. Denbora igaro ahala, 2009ko krisialdi gogorra gainditu eta gero, fresaketa-aplikazioen eta merkatu alternatiboen alde egin zuten. Horri esker, oso kokapen ona lortu zuten, balio erantsi handiko fresaketa-aplikazioetan eta bezeroak eskuratu zituzten kodeatzaile angeluar digital lineal eta birakarietan.

2012an, kooperatibak fresaketako Ivrea teknologia-zentroa jarri zuen abian, Piemonte eskualdean. Proiektu horri, Arrasateko egoitza nagusian garatutakoei eta erabiltzaile, banatzaile eta fabrikatzaileekin egindako sustapenari esker, krisialdiaren aurreko zenbakiak lortu dituzte merkatu horretan, eta Fagor Automationentzat herrialde nagusietako bat bihurtu da.

Kooperatibak Italian salmenta-bolumenaren errekorra gainditu duela egiaztatu du Sánchezek, 6,2 milioi eurotik gorakoak izan direla, eta aurten bertan 7 milioi euroko salmentetara iristeko aurreikuspena dagoela.
Izan ere, Italiako merkatua oso lehiakorra eta zorrotza izan arren, beste herrialde batzuetako produktuei irekita dago.

Etorkizun hurbilari begira, kooperatiba beste bulego batera lekualdatuko da Milanen, 1.500 metro karratu dituen bulego handiago batera. Bertatik, Veneto eskualdeko bulegotik eta Ivrea zentrotik jarraituko dute Italiako merkatua lantzen.

Empresa XXI- IRAILAREN 15A