Hasiera / Berriak / AMPOK, KOOP.ELK. BERE HEDAPEN-PLANAK INDARTUKO DITU IDIAZABALGO MEKANIZAZIO-INSTALAZIOEKIN

Berriak

AMPOK, KOOP.ELK. BERE HEDAPEN-PLANAK INDARTUKO DITU IDIAZABALGO MEKANIZAZIO-INSTALAZIOEKIN

2018-11-15

Ampok, aleazio handiko altzairu herdoilgaitzezko galdaketa-osagaietan liderra den konpainiak, mekanizazio-instalazioak inauguratu ditu Idiazabalen. Horri esker, bere Plan Estrategikoan jasotako hedapen-proiektua indartuko du.

Instalazioek 12.500 metro karratuko azalera dute eta 22 milioi euroko inbertsioa behar izan dute martxan jartzeko. Haiei esker, enpresak bere produkzio-ahalmena eta plantilla handitu ahal izango du. Inbertsio hori kooperatibak Indian balbula-fabrika bat abian jartzeko iaz egindako 13 milioi eurokoari gehituko zaio. Horrenbestez, altzairu moldatuen galdaketan eta balbula-produkzioan oinarritutako negozio-lerroak indartu ditu Ampok.

Idiazabalgo instalazio berrien inaugurazio-ekitaldian Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan zen, baita Arantxa Tapia Ekonomia Garapeneko sailburua eta Iñaki Arriola Ingurumen eta Lurralde Plangintzako sailburua ere. Orobat, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Eduardo Junkera Adegiko lehendakaria eta Pedro Esnaola Gipuzkoako Bazkundeko lehendakaria izan ziren bertan.

Ampoko zuzendari nagusi Pablo Mendizabalek azpimarratu zuenez, instalazio berriei esker, kooperatibak balio erantsi handiagoko eta geometria konplexuagoko osagaiak eskaini ahal izango dizkie bere bezeroei. Instalazioak «merkatuko 4.0 mekanizazio-zentro adimendunik aurreratuenez» hornituta daudela erantsi du.

Bestalde, konpainiako lehendakari Jon Gorortxategiren hitzetan, «inbertsioak enpresaren produkzio-ahalmena handitzea, hogei lanpostu sortzea eta tokiko hornitzaileen azpikontratazioa areagotzea ekarriko du». Instalazio hori martxan jartzeaz gain, eta enpresaren Plan Estrategikoarekin bat, produktu eta sektoreen dibertsifikazioaren, eraldaketa digitalaren eta nazioarteko kokapen berrien aldeko apustu egiten jarraituko du Ampok datozen urteetan, besteak beste.

Estrategia Empresarial. 2018ko azaroaren 1etik 15era