Hasiera / Berriak / FAGOR ARRASATEK ‘BLANKING’ LERROETAN DUEN POSIZIOA SENDOTU DU BEDERATZI PROIEKTUREN BIDEZ

Berriak

FAGOR ARRASATEK ‘BLANKING’ LERROETAN DUEN POSIZIOA SENDOTU DU BEDERATZI PROIEKTUREN BIDEZ

2019-01-07

Fagor Arrasaterentzat “oso positiboa” izan da 2017ko ekitaldia, bai errentagarritasunari begira eta bai ezarpen berriei eta bezero zorrotzenekin aurrera eramandako erreferentziazko proiektuei dagokienez, Merkataritzako eta Marketineko zuzendari Juan Etxebarriak adierazi duenez. Ekitaldian, “altzairua eta aluminioa ebaki eta prozesatzeko irtenbideetan liderra” dela erakutsi du Gipuzkoako enpresak, ‘blanking’ prentsaren bidezko ebaketa-lerroetako bederatzi proiektu eskuratuta.
Ildo horretan, berriki, Gonvarri taldeak Fagor Arrasate enpresarekiko konfiantza erakutsi du berriro ere. Oraingoan, aluminiozko osagaietan espezializatuta dagoen Eslovakiako lantegirako ‘blanking’ lerro hibridoa enkargatu dio. Lerroak ibilgailuen pisua gutxitzea ahalbidetuko du.
Automobilgintzako sektorean askotariko proiektuak gauzatu ditu, enpresaren ‘produktu izarra’ diren transfer prentsak ekoizteaz gain. Etxetresnen arloan, berriz, ohiko lerroekin batera estanpazio-prozesua garatu eta merkaturatu du. Kalitatea eta energia-aurrezpena dakartzan aurrerapen handia da. Azkenik, siderurgia da enpresak jorratzen duen hirugarren sektorea, batez ere aluminioa eraldatzera eta automobilgintzarako eta aeronautikarako zerbitzu-zentroetara bideratutako jarduera.
Fagor Arrasateren arrakastaren gakoa berrikuntza, puntako teknologia eta zerbitzua dira, nazioarte mailako zerbitzu teknikoa, aholkularitzakoa eta bezeroari laguntzekoa. 4.0 industriaren eta bezeroen eskaeren erritmora garatu eta bilakatzea da enpresaren funtsezko alderdi sendoenetakoa.
Halaber, ibilgailuen pisua arintzea da Fagor Arrasatek teknologia berrien garapenean duen beste erronka handietako bat. Arlo horretan aurrerapauso handiak eman dira, adibidez, karbono-zuntzekin sendotutako konpositeez osatuta dagoen CRTM deritzon prozesua ezaugarritzea. Siderurgiaren arloari erreparatuta, banda lodiko lautzeko makinetan garapen berriak landu dituzte, laser bidezko ebaketarako, eta baita teknologia eraginkorrak ere formatuak pilatzeko, bai aluminiozkoak eta bai altzairuzkoak.
Gaur egun, herrialde industrialetako sektore garrantzitsuenetarako instalazioak egiten ditu Fagor Arrasatek, hala nola automoziorako, linea zurirako eta altzairuaren eta aluminioaren balio-katerako. Egungo bezeroak irtenbide integralak, fidagarriak eta produktiboak eskatzen ditu, eta gero eta gehiago adimendunak izan daitezela, energiari begira eraginkorrak eta errentagarritasuna areagotzeko eta merkatuko joera berriei erantzuteko garatutakoak. Egitura horren guztiaren oinarrietako bat enpresaren I+G arloko teknikariekiko eta teknologia-zentroekiko lankidetza sistematikoa da, material berriak garatzeko eta produktu berrien ekoizpenean aurrera egiteko helburuarekin.

2018ko abenduaren 16tik-31ra