Hasiera / Berriak / TXOMIN GARCIA: «LABORAL KUTXAREN ETORKIZUNEKO ESTRATEGIAK GURE BEZEROAREKIKO HARREMAN- ETA HURBILTASUN-EREDUARI EUTSIKO DIO»

Berriak

TXOMIN GARCIA: «LABORAL KUTXAREN ETORKIZUNEKO ESTRATEGIAK GURE BEZEROAREKIKO HARREMAN- ETA HURBILTASUN-EREDUARI EUTSIKO DIO»

2019-04-08

.- LABORAL Kutxaren 2018ko urteko kontuek 133,7 milioi euroko irabazi bateratua eta % 7,97ko ROE errentagarritasuna eman dute

- 2018ko ekitaldiaren amaieran, LABORAL Kutxa liderra da kaudimenean, % 18,76ko CET1 kapital-ratioa eskuratuta
-
Berankortasuna % 4,51ra murriztu da, eta % 73,75eko LTD ratioak likidezia-posizio lasaia adierazten du

- Xabier Egibar: «ZABALTEK proiektuak gure arkitektura teknologikoa eraldatu egingo du: banku-plataformaren eta ekosistema berrien arteko interkonexioen ingurune irekiari esker. Azken finean, Open Banking delakoarentzat»


Donostia, 2019ko apirilaren 6a.–LABORAL Kutxak Ohiko Batzar Nagusia egin du. Donostiako Kursaal Jauregiko entzunareto nagusian bildutako kreditu-kooperatibako bazkideek aho batez onartu dituzte 2018ko ekitaldiko Urteko Kontuak eta Gestio Txostena, bai eta gai-zerrendako gainerako puntuak ere.

2018ko ekitaldian, LABORAL Kutxaren zerga osteko mozkin bateratua 133,7 milioi eurokoa izan da, 2017koa baino % 10,06 handiagoa. Fondo propioen gaineko errentagarritasuna, ROEa –Return on Equity—, % 7,97koa izan da, Estatuko banka osorako aurreikusten den % 6,1eko batez bestekoa baino askoz handiagoa.

LABORAL Kutxako lehendakariak, Txomin Garciak, «eskakizun goreneko ingurunean» lortutako emaitzen meritua nabarmendu du. Batzarraren hasierako hitzaldian, kooperatibako buruzagiak ekitaldiko finantza-egoera orokorra irudikatu du: «Apal-apalak diren interes-tasen inpaktua jasaten jarraitzen du sektoreak. Era berean, 2018an kreditu-inbertsioaren saldoa berriro murriztu izanak eta araudiaren presioak zaildu egin dute errentagarritasunari eustea».

Txomin Garciak azaldu duenez, ekitaldiko emaitza onaren oinarri nagusia jarduera komertzial handia izan da, formalizatutako kreditu berrien kopurua nabarmen handitu baita, bai partikularrentzat, bai enpresentzat: aurreko ekitaldiarekin alderatuz, emandako hipoteka-maileguen kopuruak % 18,7 egin du gora, ETE-entzako kredituen kopuruak % 18,8, eta autonomoei eta negozio txikiei emandako zenbatekoak, % 14,5.

Bestalde, bezeroen gestionatutako baliabideak % 3,9 hazi dira, eta nabarmen handitu dira balantzetik kanpoko baliabideak. Hain zuzen ere atal hori izan dute gogokoen Entitateko bezeroek, eta hortxe egin du Entitateak ahaleginik handiena, batez ere inbertsio-fondoen atalean. Hala, azken urteetako gorako joerari eutsi eta % 5,8 hazi dira 2017tik 2018ra bitartean.

LABORAL Kutxak bere indarguneak erakutsi ditu, berriro ere, 2018an. Kreditu-kooperatibaren lehen indargunea kaudimena dela nabarmendu du Txomin Garciak, eta azpimarratu du Entitatea liderra dela kaudimenaren alorrean. LABORAL Kutxak % 18,76ko kaudimen osoarekin amaitu du 2018a, oso-osorik kalitate goreneko (CET1) baliabide propioekin. Espainiako Banku Zentralak (EBZk) zuzenean gainbegiratzen dituen Estatuko entitateen kaudimen-maila baino askoz handiagoa da hori, batez beste % 15,30eko kaudimen osoarekin eta % 11,46ko CET1 kapitalarekin itxi baitute 2018ko ekitaldia.

LABORAL Kutxaren bigarren alde indartsua «egiturazko likidezia-posizio erosoa» dela adierazi du, halaber, Txomin Garcíak. Kredituen eta gordailuen arteko erlazioa neurtzen duen LTD ratioa % 73,75ekoa izan da. Hartara, handizkako merkatuetan jaulkipenik egin behar izan gabe negozio-hazkundeari heltzeko baliabide likido nahikoak eta gehiago ere badituela ziurtatzen du Entitateak.

Arriskuen gestio egokiari esker, Entitateak gordetzen dituen aktiboen kalitate bikaina da Entitatearen hirugarren indargunea, Garcíaren esanetan, eta horren ondorioz, 2018an LABORAL Kutxak % 4,51eraino murriztu du berankortasun-tasa. Oso datu esanguratsua da, sektore osoan zalantzazkoen ehunekoa % 5,8koa baita batez beste. Horrek are garrantzi handiagoa dauka, gainera, kontuan hartuta Entitateak ez duela aktibo-sortarik saldu berankortasuna hobetzeko.

Lehendakariaren hitzaldiaren azken zatian, kooperatibak datozen urteetan aurre egin beharko dien erronkak izan ditu aipagai. «Sektorearen krisia gainditu eta gero, erronka berriak ditugu aurrean, zalantzaz eta mehatxuz baina aldi berean aukeraz beteta dagoen ingurunean egoki garatzeko eta datorrenari aurrea hartzeko gai bagara. Datorren banku-agertoki berrian LABORAL Kutxak «egungo sozietate-ereduari eutsi» etabezeroarekiko harreman- eta hurbiltasun-eredua» sendotuko duela azpimarratu du Entitateko lehendakariak.
Kreditu-erakundeak ingurune digital berrietan ere egin duen jardun onaren adibidetzat aipatu du STIGAk kaleratu duen azken txostena, «Finantza-erakundeekiko gogobetetasun orokorrari» buruz. Izan ere, LABORAL Kutxa Estatuan hirugarren postuan dago Interneten erabilerarekiko gogobetetasun orokorrari dagokionez, eta laugarren postuan banka mugikorraren atalean.


2019ko ingurune lehiakorra eta Gestio Plana

Ondoren, Xabier Egibarrek, LABORAL Kutxako zuzendari nagusi berriak, hitz egin du. Egibarrek joan den urtarrilean hartu zuen kargua eta lehen aldiz agertu da Kooperatibaren batzar nagusiaren aurrean. Zuzendari Nagusi berriak ingurune makroekonomiko zailean eta zalantzakorrean kokatu du 2019ko Gestio Plana, mundu osoan nahiz eurogunean dezelerazio-prozesua berretsi egingo dela aurreikusten baita.
Egibarren esanetan, 2019ko banka-agertokiak interes-tasa negatiboen presio handia jasan beharko du, baina badira albiste onak ere, hala nola kreditua murrizteko prozesuaren amaiera eta sektoreko berankortasun-maila areago jaistea, beherako bideari eutsi eta 2019ko amaieran % 5 inguruan kokatuko da eta.
Gauzak horrela, Egibarrek iragarri du bankuen emaitza-kontuetan garrantzi handia izango dutela balantzetik kanpoko negozioen bolumen handiagotik komisio bidez datozen sarrerek eta ustiapen-gastuen optimizazio arrakastatsuak.
Kreditu-inbertsioari dagokionez, Egibarrek azaldu du urte arteko saldo biziak gorakada txikia izango duela, 2008tik hona lehen aldiz, entitate guztientzako aurreikuspen orokorren arabera. «Zehazki, kreditu-masa osoa % 0,2 haziko da 2019an, hamar ekitalditan jarraian familientzako eta enpresentzako maileguen saldoak beherakadaetengabeak jasan ondoren».
Ondorioz, sektorearen emaitzek hobekuntza txikia izango dute 2019an, interes-marjinaren eta komisioen baturaren portaera onari esker, eta ustiapen-gastuen nahiz zuzkidura- eta narriadura-kostuaren kontrolaren ondorioz. Halere, errentagarritasunak ez dira nahikoa izango kapitalaren kostua estaltzeko. 2019an % 6,6 inguruko ROEa aurreikusten da Espainiako banka osorako.
Testuinguru ekonomikoa eta finantzarioa irudikatu ondoren, bere gestio-plana egituratuko duten elementu nagusiak xehakatu ditu Egibarrek. 2019an funtsezkoa izango da errentagarritasuna handitzea: «merkatuko ROErik onenetako batetik abiatuko gara, eta funtsezkoa izango da 2018ko emaitzak hobetzea». Era berean, egungo kaudimen-maila handitzen jarraitzearen garrantzia nabarmendu du: «kaudimena da gure indargune nagusia, eta ziurgabetasunei aurre egiteko lehiarako funtsezko abantaila ere bai». Berankortasuna kontrolatzeko jardunak ere berebiziko garrantzia izango du Entitatearen gestioan: «gure berankortasun-ratioa sektorearenaren azpitik mantentzen jarraituko dugu, eta era organikoan, gainera: aktibo ez produktiboen sortak saldu behar izan gabe».
Alor komertzialari dagokionez, 2019an LABORAL Kutxaren jarduera komertziala zuzentzeko hiru ardatz aipatu ditu Zuzendari Nagusiak: balantzetik kanpoko figurak merkaturatuz pasiboko saldoak dibertsifikatzea; kreditu gehiago ematea, modalitate guztietan; eta negozio-seguruari dagokionez, banka eta aseguruak bateratzen ereduzko entitatea izaten jarraitzea.

Zehaztutako helburu kuantitatiboak lortzeko jardunbide egokiak duen garrantzia aipatu du Zuzendari Nagusi berriak. Halere, Entitatearen jarduna zuzentzen duen banka arduratsuaren ideia gogoan, Egibarrek epe luzera begiratzearen eta bezeroekiko harreman zintzo eta iraunkorra bilatzearen garrantzia nabarmendu du: «denboran iraunkorra izango den hazkundea bilatu behar dugu, gure jarduera jorratzen dugun eremuko pertsonen eta gizartearen oraingo eta etorkizuneko ongizatearen zerbitzuan egongo den hazkundea».
Hitzaldiaren amaierako zatian, Egibarrek etorkizunerako konfiantza-mezua zabaldu nahi izan du. Beraren ustean, edozein erronkari berme osoz aurre egiteko gaitasuna du Entitateak, kooperatiba osatzen duen giza talde bikainari esker: «Pertsonak gara LABORAL Kutxaren balio nagusia, gure partaidetza, talde-lana eta autogestioa baitira geure DNA kooperatiboaren bereizgarriak.
Eraldaketa digitala
Digitalizazioak funtsezko atala hartu du Xabier Egibarren hitzaldian, «datozen urteetan Entitatearen eraldaketaren atal nagusia» izango baita. Ildo horretan, epe laburreko errentagarritasunean inpaktu handia izango duten helburuak eta epe luzerako ikuspegia uztartu nahi ditu Entitateak.
Etorkizuneko jardunaren adibide bezala, ZABALTEK Izeneko proiektua aipatu du Egibarrek: «ZABALTEK proiektuak gure arkitektura teknologikoa eraldatu egingo du: garapenak hobetu egingo ditu, gaitasunak handitu egingo ditu eta banku-plataformaren, ekosistema berrien eta enpresen arteko interkonexio optimizatuko du» Horri guztiari esker, bezeroentzako irtenbide berriak landu nahi ditu kooperatibak, Open Banking esaten zaion esparru horretan. Integrazio teknologikoa ere funtsezkoa izango da produktu eta zerbitzu digitalen plan garrantzitsua garatzeko, aseguruen atalari lehen mailako eginkizuna emanda.
Xabier Egibarrek digitalizazio-prozesuaren beste funtsezko lehentasun bat ere aipatu du: onlineko segurtasuna. LABORAL Kutxak datozen hiletan burutuko du gaur egungo Segurtasun Integralerako Plan Zuzentzailea (PDSI), eta berehala abiaraziko du hurrengo plana, zibersegurtasunaren alorreko baliabiderik eta prozedurarik egokienak izaten jarraituko duela bermatzeko. Horrenbestez, «datuak eta beraien gestioa eta zaintza elementu kritiko bihurtu diren negozio-ereduaren arrisku berriak ahalik eta txikienak izatea» bilatzen du entitateak.

LABORAL KUTXA,Koop.Elk