Hasiera / Berriak / DANOBATGROUP-EK BULTZADA EMAN DIO 2020RAKO PLANARI

Berriak

DANOBATGROUP-EK BULTZADA EMAN DIO 2020RAKO PLANARI

2019-07-03

Danobatgroupen merkatu-posizioa sendotu egin da 2017-2020 Plan Estrategikoaren zabalpenarekin. Pello Rodriguez taldeko zuzendari nagusiak Empresa XXI-i adierazi dionez, «lau ekintza-arlo finkatu genituen: gehiago saltzea, barne- eta eragiketa-digitalizazioa, Lean eta berrikuntza, eta lauretan abian ditugu jada jarduketa nagusiak». Era berean, martxan duen azpiegituren planari jarraikiz, taldeko zenbait enpresak baliabideak handitu dituzte, hala nola Soralucek, Danobatek, Goimekek eta Idekok. Horrez gain, 5 milioi eurotik gorako planak dituzte zorroan, Elgoibarko egoitza nagusiaren industrialdea berritzeko eta Goimek (Deba) handitzeko.
2020rako planaren arabera, teknologia-berrikuntza da merkatuan nabarmentzeko oinarria. I+G+b arloko urteko batez besteko gastuek diru-sarreren % 8 hartuko dute. Hortaz, 60 milioi eurotik gora bideratuko dira arlo horretara 2017 eta 2020 artean. Ildo horretan, aipagarria da 2018an taldeak Eusko Jaurlaritzaren Hazitek programaren babesa jaso zuela zenbait urtetarako bi plan estrategiko eta lehiakortasunerako beste bederatzi aurrera eramateko. Plan horiek 6,5 milioi euroko inbertsioa aurreikusten dute. Plan horiei CDTIk lagundutakoak gehitu zitzaizkien, horien artean maiatzean onartutako Soraluce enpresaren plana, ataza anitzeko makinetan titaniozko aleazioak mekanizatzeko berariazko teknologiak eskuratzea helburu duena.
Bibrazioak, doikuntza eta digitalizazioa dira baliabide gehien biltzen dituzten berrikuntza-eremuak. Digitalizazioari dagokionez, «balioa sortzera» bideratu da. Pello Rodriguezek azpimarratu duenez, «Danobatgroup prest dago digitalizazioaren eremuan ahal den guztia egiteko, baina erronka ez da teknologia, balioa eranstea baizik, bezeroak nabaritu dezala irtenbideek errendimendua hobetzen dutela».
Beste aurrerapen-bektore batzuk proba-fasean dauden proiektu pilotuen bitartez bideratzen ari dira. Horietako bat da «laser blanking» delakoa, eta proiektu horretan txapa-eraldaketako dibisioa Fagor Arrasaterekin ari da elkar-lankidetzan. Ildo beretik, doitasuna handitzeko artezketa-arkitektura berriak diseinatzen ari dira, eta Danobatek hobetu egin du artezteko makina bertikaletan operazioak txertatzeko aukera. Gainera, hondarrezko moldeak mekanizatzeko «burua» duen robota erabiltzen ari dira, denbora eta prozesuak nabarmen aurrezten dituena.

Bestalde, gehiago saltzeko helburuari dagokionez, lehentasunezko herrialdeak finkatu dituzte: Italia, Txina eta AEB, taldearen lehenengo merkatua den Alemaniaz gain —bi lantegi ditu bertan: Danobat-Overbeck eta Bimatecsoraluce—.

Empresa XXI-uztailak 1a