Hasiera / Berriak / AMPO KOOPERATIBA HORNITZAILE GLOBAL SENDOA DA INDIAKO MERKATUAN

Berriak

AMPO KOOPERATIBA HORNITZAILE GLOBAL SENDOA DA INDIAKO MERKATUAN

2019-10-01

Hornitzaile globala izatea. Helburu horrekin iritsi zen Ampo Indiara 2009an; izan ere, nazioartekotzea Gipuzkoako enpresa horren DNAn dago, ekoizpenaren ehuneko 95 inguru esportatzen baitu.

Enpresa-filosofia horren ildotik, kooperatiba hornitzaile duten enpresa handiak Ampo India homologatzen ari dira. Gainera, Jon Gorrotxategi enpresako lehendakariak adierazi duenez, «jarraitzen dugu bezeroei produktu jakin batzuk eskaintzen, garai batean Idiazabalen produktu horietan lehiakor izateari utzi bagenion ere». Kooperatibak Idiazabalen du egoitza nagusia.

2017an, Indian duen presentzia sendotzea erabaki zuen eta 13 milioi euro inbertitu zituen goitik behera berea duen 15.000 metro koadroko lantegia diseinatu, eraiki eta abian jartzeko. Lantegi berrian tamaina handiagoko balbulak ekoizteko aukera dute. Era berean, balbulak muntatzeko instalazioak dituzte, saiakuntza-bankua, pintura-saila, bidalketena eta bulegoak. Egoitza nagusiaren erreplika da.
Negozio-zifra ona faktore askoren ondorio da. Lehendakariak aipatu duenez, Indiako lantegia martxan jarrita hurbilago dituzte Asiako bezeroak eta, horrela, zerbitzu hobea eskain diezaiekete. Produkzioari erreparatuta, ahalmena handitu dute eta 72 ” bitarteko balbulak egin ditzakete herrialdean bertan.

Kooperatibak merkatu horretan duen presentziari esker, tokiko hornidura-katea ezagutu eta sakonki garatu ahal izan dute, eta hori onuragarria izan da bai Indiara eta bai Idiazabalera begira.

Etorkizunari dagokionez, lantegi berria sendotu ondoren, Ampo Indiak hazkunde-ildo beretik jarraitzeko asmoa du.

EMPRESA XXI-IRAILAREN 15A