Hasiera / Berriak / SARETEKNIKA S.COOP. KOOPERATIBAK HAZKUNTZA INORGANIKOAN BI ETA SEI MILIOI EURO BITARTE INBERTITZEKO ASMOA DU

Berriak

SARETEKNIKA S.COOP. KOOPERATIBAK HAZKUNTZA INORGANIKOAN BI ETA SEI MILIOI EURO BITARTE INBERTITZEKO ASMOA DU

2019-12-17

Bosgarren urteurrena ospatzen ari da Sareteknika enpresa, etxetresna elektrikoen alorrean saldu ondoko soluzio orokorrak eskaintzen dituena. Hazkunde-prozesu bizian dabil Sareteknika, Espainiako merkatura jauzi kualitatiboa emateko ahaleginean. Hori dela eta, bere sektoreko Espainiako enpresaren bat erosteko asmoa du, bi eta sei milioi euro bitarteko inbertsioa eginda.

Konfort-lerroa (galdarak, aire egokitua, pelleta eta abar) eta lerro zuria deritzona (etxetresna elektrikoak) ditu jarduera-eremu Sareteknikak, eta balio erantsi handiko negozio-hobi berrien bila dabil; esate baterako, bero-trukagailua duten eraikinen aerotermia eta aireztapen mekaniko kontrolatua (AMK).

Bestalde, proiektu-bulego bat ere garatu du, teknologia berritzaile horiek behar dituzten instalazioak martxan jartzen lagundu dezaten enpresako ingeniariek. Instalazio horien ezaugarri bereziak eta konplexutasuna direla eta, eraikin berrietan kokatu ohi dira.

Aurreko ekitaldian, fakturazioaren zatirik handiena (12 bat milioi euro) zenbait zerbitzu emanda lortu zuen enpresak; gainerakoa, zortzi milioi pasatxo, ordezko piezak salduta.

Zenbateko horretatik, 1,7 milioi inguru nazioarteko merkatutik eskuratu zituen.
Bost urte eskaseko epean Sareteknikak horren hazkunde izugarria izatearen arrazoiei dagokienez, enpresak egin dituen inbertsioak aipatu ditu Kepa Unzillak, batez ere Espainian, Portugalen eta bi herrialde horietako uharteetan dituen 130 lantegien eta 600 profesionalen sarearen kudeaketa automatizatzeko sistema propio bat garatzeko egindakoak.

Bestalde, hiru milioi eurotik gorako inbertsioa egin du Etxebarriko lantegiko ordezko piezen stockean. Biltegiratze-ahalmen handia du lantegi horrek: 60.000 m3.
Horrez gain, zerbitzu-hitzarmenak sinatu ditu Sareteknikak beste marka batzuekin (hogei inguru dira gaur egun); hori dela eta, 2015eko konponketa-kopurua baino zortzi aldiz handiagoa du gaur egungoa.

Fagor enpresaren egungo jabearekin ere (Amica) sinatu ditu zenbait akordio, haren mantentze-lan guztiez arduratzeko, bai haren parke historikoarenak (indarrean diren bermeak ere barne direla), bai fabrikatzen diren gailu berrienak.

Halaber, zenbait hitzarmen izenpetu ditu hainbat zerbitzu publikorekin eta aseguru-etxerekin, haien bezeroei mantentze-lanak egiteko. 2015az geroztik, bikoiztu egin du Sareteknikak negozio-eremu horretako jarduera.

Empresa XXI-2019KO abenduaren 1a