Hasiera / Berriak / IDEKO KOOPERATIBAK BERE EKIPAMENDUAK EGOKITUKO DITU INDUSTRIAREN 4.0 OLATUAREKIN BAT EGITEKO

Berriak

IDEKO KOOPERATIBAK BERE EKIPAMENDUAK EGOKITUKO DITU INDUSTRIAREN 4.0 OLATUAREKIN BAT EGITEKO

2020-02-14

Industria-paradigma berriarekin batera, konektagarritasun-, automatizazio- eta adimen-aukerak eskaintzen dituzten makina berriak iritsi dira, 4.0 Industriaren ildotik. Nolanahi ere, Itziar Recondo Idekoko fabrikazio-prozesuen taldeko ikertzaileak azaldu duenez, «kontuan hartzekoa da jada merkatuan diren makinek eta instalazioek ere teknologia berri horiek har ditzaketela». Ekipamendu horiek «interes handiko merkatu-nitxoa» direla uste du. Makina-erreminten eta fabrikazioko beste ekipamendu batzuen bizi-zikloa 20 urtetik gorakoa da zenbait kasutan. Halaber, azken hamar urteotan garapen teknologikoa nabarmena izan da konektagarritasun aurreratuan, monitorizazioan, digitalizazioan eta simulazioan.
Testuinguru berri horretan sortu da Level-Up Europako proiektua. Aimen Galiziako teknologia-zentroaren zuzendaritzapean, Ideko eta beste 31 erakunde ari dira egitasmoan parte hartzen, horien artean EAEko Innovalia, Fagor Arrasate, Trimek, Danobat eta Nafarroako Estampaciones Mayo. Proiektuaren helburua ekipamenduen bizi-ziklo osoa hartuko duen plataforma eskalagarria garatzea da, honako sektore hauetarako: metal-mekanikoa, automozioa, aeronautika, trenbideak eta zurgintza. Hala, funtzionamenduaren simulazioa, diagnostikoa eta aurreikuspena ahalbidetuko duten biki digitalak garatuko dituzte, eta ekipamenduak berregokitzeko, konpontzeko, birmanufakturatzeko eta birziklatzeko jarduerak gauzatuko dituzte, besteak beste. Modu horretan, zazpi erabilera-kasuren bidez, materialen eta baliabideen efizientzia ehuneko 11,5 handituko da, eta fidagarritasuna ehuneko 16; gainera, inbertsioaren itzulkina ehuneko 50etik gorakoa izatea lortuko dute.
Biki digitalak, gehitze-fabrikazioa eta material berriak garatu eta ezarri beharreko funtsezko teknologiak izango dira zenbait helburu lortzeko: funtzionalitateak handitzeko; ekipamenduak birtualki balioztatzeko, tailerrean hobekuntzak instalatu aurretik; eta neurketak lerroan eta makinan egiteko, kalitate-kontrolerako eta hari digitalean sartzeko.
Proiektuaren barruan, Idekok lau arlotan egingo du lan. IKTen arloan, monitorizazioko, interoperatibitateko eta lineako konektagarritasuneko aukerak zabalduko ditu, 4.0 Industrian indartzen ari diren erreferenteak kontuan hartuta, Industrial Data Space (IDS), adibidez.
Prozesuen arloan, berriz, jada martxan dauden makinentzako artezketa-estrategiak simulatu eta lortzeko eredu egokituak garatu eta balioztatuko ditu. Diseinuaren arloari dagokionez, higaduragatik edo deformazio termikoengatik ekipamenduetan desbideratzeak sortzen dituzten osagai kritikoen konpentsazio- eta kalibrazio-ereduak prestatuko ditu.
Azkenik, produkzioko biki digitalaren egitasmoa landuko du, fabrikazio-lerroetan hobekuntzak identifikatzeko tresna izan dadin, baita Virtual Commisioning delakoa ere, aldaketak birtualki balioztatzeko tresna izan dadin. Azken horiek, makina-erreminta fabrikatzailearen ekipamenduetan eta trenbide-ardatzak egiten dituen Italiako Lucchini enpresan balioztatuko dituzte.

Danobaten eta Lucchiniren kasuan, ekoizpen-lerro baten kalitatea eta produkzioa handitzeko soluzioak ezarriko dira. Trimekek, berriz, aurrerapausoak emango ditu neurketak lerroan eta makinan egiteko eta hari digitalean sartzeko sistemetan.

EMPRESA XXI – 2020ko otsailaren 1a