español >

logotipo irakaskuntza


 
Nortzuk garaLegeriaAzterlanak eta agiriakKooperatibakHarremanakEremu pribatuaizkin
 
   Hasiera > Argitalpenak > Finlandiara bisitaldiaren Txostena

Finlandiara bisitaldiaren Txostena

Finlandiara bisitaldiaren Txostena

2004-05 ikasturteko abendu-urtarrilean Euskadiko Irakaskuntza Kooperatiben Federazioaren Kontseilu Erretoreak Finlandiako ikastetxeak bisitatzea aztertu zuen lehen aldiz bere baitan, Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari lagununtzarik eskatu baino lehenago. Abagune hartan ondorengo helburuak antzematen zituen Kontseilu Erretoreak:

  1. Printzipioz, oso kategorikoa dirudien arren, onenengandik ikastea, eta Finlandiako eskola-sistemak 2000 eta 2003. urteetan egindako bi kanpo-ebaluazioren bidez (PISA proiektua) egiaztatu du, bi aldiz jarraian, emaitzarik onenak lortzen dituela OCDEko herrialde guztien artean, gaitasunetan nahiz ekitatean. Gaitasunak aipatzen ditugunean,
    ikasleen errendimendua neurtzeko funtsezko gaitasunak, hots, helduarorako funtsezko diren ezaguerak eta trebetasunak bermatzen dituztenak, adierazi nahi ditugu.
  2. Aipaturiko emaitzak lortzen laguntzen duten faktoreak zuzeneko esperientziatik ezagutzea.
  3. Esperientziaren sintesia egin ondoren, Kalitatearen kudeaketan hobekuntzen garapen eta ezarpena bultzatu eta sustatzea Federazioan sartutako irakaskuntzako Kooperatiben artean.
  4. Kooperatiba federatuen integrazioa eta lankidetza sustatzea, eta horiek FCEE/EIKF-rekiko izan behar duten pertenentzia-sentimendua eta talde-identitatea orokortzea, guztientzako interes bereziko ekintzak garatuz.
  5. Esperientziaren emaitzekiko interesa duten irakaskuntzako kooperatibak eta kooperatiba-mugimenduko beste erakunde batzuk sakon informatzea han ikusitakoaz.

Testuinguru honetan, aipatu kanpoko ebaluazioetan Finlandiar Hezkuntza Sistemaren emaitza onen zergatiak oinarritzeko zenbait lan-hipotesi adierazten genituen, euskal hezkuntza sistemarako esanguratsuak izan zitezkeenak. Une hartan hauexek azaltzen genituen:

  • eskola-giroa eta kultura, eskola-sistemaren parte diren balioei arreta berezia jarriz.
  • ikasleen aurrerapenaren jarraipen egokia.
  • irakasleen garapena praktikara bideratua.
  • aitzindaritza edo buruzagitza nabarmena: zuzendaritza-taldeetako kideen prestakuntza, erantzukizunak eta lana ezagutu eta aitortzea.
  • Familien inplikazio konprometitua, bai ikastetxeetan eta bai etxetik egindako jarraipenean.
  • ikaskuntza-irakaskuntza prozesuen planteamendua.
  • Erakundeen eta ikastetxeen arteko harremana.


Hasiera bateko proposamena kooperatiba bazkidetuei gune desberdinetan (Federazioaren Urteko Batzarra eta eskualdeetako bileretan, hain zuzen ere) azaldu ondoren, proposamena onartua izan zen eta, honen ondorioz, maiatz-ekainean lehen kontsulta egin zen parte-hartze posibleari buruz, eta interesatuekin bi bilera egin ondoren, bisitaldia egin dugu.

Aurreikusitako egutegiaren arabera, joan den urriaren 9 eta 14 bitartean egin dugu bisita. Bertan 22 ikastetxe kooperatibetako 40 arduradunek parte hartu dute (bi ikastolatako bi guraso kontseilu-kide izan ezik, gainontzekoak aipatu kooperatibetako zuzendaritza-taldeetako kideak ziren). Ikastetxe kooperatiba hauek beren baitan etapa eta ziklo guztiak biltzen zituzten (Haur Hezkuntza osoa 0 urtetik gora, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, baita Unibertsitatea ere).

Bestalde, egutegi berean HETEL erakundean biltzen diren ikastetxeek ere antzerako bisitaldi batean hartu izan dute parte eta horretaz ere baliatuko gara. Ikastetxe horiek beren txostena egiten dutenean, oraingo txosten honi gehitu eta kooperatiba bazkidetu guztioi jakinaraziko dizuegu. Halaber, ekintzailetzari buruz Mondragon Unibertsitateak (MU) Finlandian eginiko ikerketa eta esperientziabilketaren berri emango dizuegu kooperatiboi.

Bidaia planifikatu genuenean aurreikusita ez zegoen kasualitate baten ondorioz, gure bidaiaren egutegia bat etorri da PISA Fundazioak Helsinkin bertan antolatu duen Hezkuntza Biltzarrarekin. Hori dela eta, guretariko bi taldekidek bertan parte hartzeko aukera izan dute, horren emaitza eta informazioa txostenaren bi atal desberdinetan bildu dugularik.

Bisitaldia egin dugun egunetan ondorengo ikastetxeak ikusteko eta haien esperientzia ezagutzeko aukera izan dugu:

  • Espooko KILONPUISTO Ikastetxea (Lehen eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzakoa)
  • Vantaako VASKIVUORI Upper Secondary School Ikastetxea (Bigarren Hezkuntzako Derrigorrezkoaren Ondoko Batxilergokoa)
  • Espooko ESPOOLANTHI HIGH SCHOOL Ikastetxea (hau ere Bigarren Hezkuntzako Derrigorrezkoaren Ondoko Batxilergokoa)
  • HELSINKIko Unibertsitateko Hezkuntza Zientzia Aplikatuen Departamentua.

Honekin batera, Helsinkin bizi eta Finlandiako 0-7 Haur Hezkuntzako sistema ondo ezagutzen duen espainiar jatorriko herritarren seme-alabentzat Haur Hezkuntzako Ikastetxe bat zuzentzen duen arduradunarekin solasaldia izaten saiatu gara, baina ezinezkoa izan da. Hala ere, guretariko batzuek Montessori Haurtzaindegi bat (0-6 urte bitartekoa) ikusteko aukera izan dute, eta horien informazioa Txosten honen 3. atalean irakurtzeko parada dago. Orokorki, 0-6 etapari buruz bildu dugun informazioa da txosten honen ahulunea, eta aldez aurretik aitortu beharra dago hori.

Ekimen honetan parte hartu dugunon konpromisoa betez, txostena egin eta bertan parte hartu dugun guztion esku jartzen da. Era berean, kooperatiba bazkide guztiei eta Euskadiko Kooperatiben Goren Kontseiluari ematen diegu honen berri. Hauxe egiten dugunean partaideon beste konpromiso osagarri bat azpimarratu nahi dugu: denok prest gaude edozein kooperatibak edo/eta kooperatiba baten edozein estamentuk (guraso zein irakasle) eskaturiko argibide osagarriak emateko, beharrezkoa balitz kooperatiba horretara joanez.

Azkenik, bost egunetan zehar taldekideen artean sorturiko lan-giroa eta kidetasunezko harremana bereziki aipatu nahi ditugu, gerora ere iraungo dutelakoaren esperoan.

Dokumentua jeitsi Dokumentu baten ikonoa [jpg]

Itzuli